XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal-Herrian gaindi. Martikorena Tolosan

Erramun Martikorena baigorriar kantari gustagarriak badu hegoaldean ere arrakesta.

Tolosako Beotibar pilotalekuan ondarrik.

Larunbat hontan ez zen egia-erran bakarrik Gipuzkoako kapitala xaharrean.

Harekin batean bazituzten Tolosarrek beren herriko talde berri batetakoak: Xaximiku musika taldea, bere lehen emankizuna sort'herrian berean eman nahi izan duena; hauk akordeoia, biola, dultzaina, flauta, gitarra dituzte beren soinu-tresnak.

Musika, herri-musikan oinharritua baina bestelako erritmoak eta doiñuak ere onartuz, berek egunero bizi dituzten arazoen agertzeko baliagarri diren ber.

Txalaparta Hernanin

Lehengo soinu tresna tradizionala horiez oroituz badute txalaparta eskola bat Hernani herrian, herri hortako musika kontserbatoriak sortua.

Hori da lehengoari jostea gaurkoa.

Bi gazte hil Aralarren

Bi gipuzkoar gazte ziren, Roberto Paris] eta Ruben Quintana Nafarroakoan sartuak Aralarko mendian.

Astezkenean joanak, ez zuen nehork haien berririk aste ondarrean oraino.

Ondarrean Erzaintzaren elikopterak begistatu ditu Malloa aldean haien gorputzak eta handik atera Nafarroako ospitalerat eremaiteko Iruñearat.

Itxura guzien arabera, lanoak hartu ditu dohakabeak eta orduan, beheiti zoatzilarik, Gaintzako alderat, egin dute eroriko deitoragarria.

Belaguan soldadoa hil

Biarnoko San Martin lepotik Erronkari aldera jaustean den leku turistikoa da Belaguako goi-harana.

Uda ala neguko bakantzatiarrak bezala, badira ere hor soldadoak, batzu beren zerbitzuaren egiten ari direnak, Izaba herriari datxikola.

Hauetarik batek du bere burua tiroz hil iragan astean.

Erran dute bazituela poliziarekin ikustekoak bai eta edana zela ere hori egin duelarik.

Kondatzen dute haatik lehen ere ikusten direla hor gaindi holakoak.

Batetik beste batek gauza bera egin zuela, duela hirur urte, bestetik izana dela ere soldado batek besteari tiratzea.

Baina ez dituzte beti gauza horiek publikorat agertu, beti segurik.

Nafarroaren Eguna

Igande hontan zortzi, apirilaren 26an azken igandea baitu, Baigorrin egin beharra da Nafarroaren eguna.

Aste kultural baten barnean sartua beti egiten den bezala, mugaren bi aldeetarik izanen da jende, usaian baino gutixago igurikatzen dute aurten, Gernikako besta ere gertatzen delakotz aldi huntan eta harat joan beharrak ere baitira ainitz.

Menturaz herritarrek hobekixago parte hartzen ahalko dute, ezin higitua baita beste aldietan jende uhainarekin karriketan.

Hola leku gehiago izan dezakete baigorriarrek eta besta hortan aurkituko direnek.

Hona zer izanen diren igande 25eko eginkizunak.

Goizean meza nagusia, zazpi herritako koralek batean kantatuz, Baxenabarretik.

Gero ziganteak, bandak eta trikitixak karriketan.

Bazkaria bi orenetan Baigorriko ugarte edo islan eta han berean kantu, bertsu eta elgarrekilako ahusamendua hasiko da plaza haundian bururatzeko.

Laboraria arras kexu

Laborarien sindikata da hegoaldean EHNE.

Beren seigarren biltzarra zuten Zornotzan igandean Bizkaiko laborariek.

Erran behar da badirela bi mila sindikata hortan direnak eta ez direla batere ados Europako merkatu batuak ezartzen dien kuota famatuarekin.

Hau dute beren arrazoina: Europa guziko apalena dela haien behien emaitza arauka eta besteendako ezarri negurriek ez dutela haientzat balio.

Beren auzia nahi dute Euskal Gobernuaren eskutan ezarri, honek Espainiakoarekin egin dezan araberako tratua.

Nahi luzkete ere garantiak eta laguntzak ardietsi.

Han zituzten ere beren kezka horien aditzaile etorriak, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako sindikaten arduradunak, bai-eta iparralde hontako ELBkoak.

Nafarroan ere ikastolen kezkak

Ez da kezka mailean iparralde hontako ikastolena baino areagorik.

Halere Iñaki Caminok ARGlAn dionaz ez daude Nafarroa gaineko ikastolak ere kezkarik gabe Vascuenseren lege horrekin.

Galde hau ere egiten du tituluan berean: Herri ttipietako ikastolek eskola publikoan integratzea beste erremediorik ez ahal lukete? Garbiki dio ez duela ikastola ezagutu nahi administrazioak.

Diruaren eskasa dutela dio beste arrangura: edozein ikastetxe pribatuk kobratzen dutena dute ikastolek kobratzen.

Eta herri ttipietan haurren kuotaren araberan, beraz ez dagoela andereñoen pagatzekorik.

Alta ikastolak kenduz geroz ez bide da Nafarroan euskaraz ikaste haundirik, ehunetarik 90 ikastoletan egiten baita ikasten denetik.